Amorebieta-Etxanok bere bideojoko propioa edukiko du

2010/09/07
• Aurten zazpigarren edizioa beteko du Mangamorek, Amorebieta-Etxanon egiten den manganimearen eta japoniar kulturaren jaialdiak, eta ekimen horretan kokatzen da Ureshi Land bideojokoa. • Jaialdiaren maskota den Ureshi eta Mangamore 2013rako aukeratu berria den kartelean ageri diren gainerako pertsonaiak hartu dituzte oinarritzat jokoaren sortzaileek, Amorebieta-Etxanoren ezaugarri diren elementuak biltzen dituen eszenatokian txertaturik: udaletxea, eliza, etab. • Urritik aurrera egongo da eskuragarri bideojokoa, orduan ospatuko baita jaialdia, 11tik 13ra bitartean.

Amorebieta-Etxano, 2013ko uztailaren 5a. Amorebieta-Etxanok bere bideojokoa edukiko du. Udalaren gazteria sailaren ekimenez sortuko da, Ureshi Land izenaz, aurten zazpigarren edizioa beteko duen manganimearen eta kultura japoniarraren Mangamore jaialdiarekin bat eginez.

Jaialdiaren maskota den Ureshi eta Mangamore 2013rako aukeratu berria den kartelean ageri diren gainerako pertsonaiak hartu dituzte oinarritzat jokoaren sortzaileek, Amorebieta-Etxanoren ezaugarri diren elementuak biltzen dituen eszenatokian txertaturik: udaletxea, eliza, etab.

Urritik aurrera egongo da eskuragarri Ureshi Land bideojokoa, orduan ospatuko baita jaialdia, 11tik 13ra bitartean. Mangamoreren web orrian erabili ahalko da, bai eta gazteria sailarenean ere (www.ametxgazteria.net). 

Debalde atzitu ahalko da ordenagailu bidez, eta mugikorretarako egokituko da geroago. Era berean, jaialdiak dirauen artean stand berezia ezarriko da, bertaratzen direnek ezagutu eta jolasean jardun dezaten.

Bideojokoaren diseinua

Japongo eta Estatu Batuetako korronteen kutsua izango du diseinuari dagokionez bideojokoak, beren beregiko eszenatokiak eta pertsonaiak sortuko direlarik. Marcus izango da jokoaren protagonista eta Amorebieta-Etxano xurgatu eta desagerrarazi duten oihan ilunetan sartu beharko du Ureshiren bila, euskal herri horri argitasuna eman ahal izateko atzera ere. Argi-pistola eskuan duela eta jokalariaren trebeziari esker, inguru guztiak berentzat hartu dituzten itzal-munstroak desagerrarazi beharko ditu Marcusek.

Pantailan barrena protagonista harrapatu nahian ibiliko diren arerio ugariei ez ezik, saritzaileei eta nonahi aurki daitezkeen ureshi-txanponei ere erreparatu beharko die jokalariak, azken etsaiari aurre egin ahal izateko botereak emango baitizkiote.

Ala Este estudioa

Azken belaunaldiko Ala Este estudioa ari da Ureshi Land bideojokoa garatzen. Bilboko Alondegiak antolatutako Bideojoko Independenteen Nazioarteko hóPlay 2012 lehiaketaren irabazlea gertatu zen Alex Alonso da proiektuaren zuzendaria, bideojokoen alorreko enpresetatik datozen gazteek osatutako taldeburu jardunik.
Mangamore 2013rako kartel-lehiaketaren irabazlea
Bartzelonako Marcel Pérez Massegú eta Marisa Martínez Cervantes ilustratzaile grafikoak dira Mangamoreren aurtengo edizioa iragarriko duen kartelaren egileak.
Aurtengo edizioko kartela aukeratzeko lehiaketan 31 proposamenek hartu zuten parte, eta egile kataluniarren proposamena izan zen jaialdiaren Facebook orriaren bidez boto gehien jaso zituena.

Guztira 4.000tik gora izan ziren botoa eman zutenak eta, horietatik, 300 baino gehiago jaso zituen kartel irabazleak.

Bideojokoaren sorrerarako ere erabili da kartela.