Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi ditu Legarrebi urbanizatzeko lanak

2020/02/12
• Proiektuak oinezkoari emango dio lehentasuna eta espaloiak jarri eta berrituko dira, zornotzarren eta ibilgailuen arteko elkarbizitza hobetzeko. • Lanek 4 hilabete iraungo dute.

Amorebieta-Etxano, 2020ko otsailaren 12a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Legarrebi auzoa urbanizatzeko lanak hasi ditu, herrian zornotzarrentzat gune atseginago bat sortzeko.

Lanek 4 hilabete iraungo dute eta San Juan ingurua hobetu nahi da eta Andrandi kalean dauden etxebizitzetarako sarbidea urbanizatu, egoiliarrak etxebizitzetara errazago sar daitezan eta inguruak itxura hobea izan dezan, oraindik urbanizatu gabe baitago.

Jarduera honekin oinezkoari lehentasuna eman nahi zaio. Horretarako, espaloiak handituko dira eta zuhaizti berriak egongo dira lehen ez zeuden lekuan, ibilgailu eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobea izan dadin.

Gainera, inguruko argiztapena hobetuko da. Horretarako, farola berriak jarriko dira eta inguruko azpiegitura sareak berrituko dira.
Lanek 573.000 euroko aurrekontua dute.