Amorebieta-Etxano udalak COVID 19aren inguruko arauak betetzen jarraitzeko eskatu die herritarrei

2021/07/22
Erantzukizuna izatea ezinbestekoa dela gogorarazi du Udalak, eta arretaz jokatzea eskatu die zornotzarrei.

2020ko martxoan COVID 19ak eztanda egin zuenetik, pandemiak gorabehera ugari izan ditu. Txertaketa-kanpaina erritmo onean joateak eta artaldearen immunitatea geroz eta gertuago izateak ilusioa piztu du gizartean, normaltasuna berreskuratzea geroz eta gertuago ikusten baitugu. Hala ere, Amorebieta-Etxanoko udalak gogorarazi nahi du hori gertatu arte ezinbestekoa dela zuhur eta arretaz jokatzea eta indarrean dagoen araudia betetzea.

 

Udalak Udaltzaingoa indartu du eta arreta berezia eskatu dio Ertzaintzari

Udalak Udaltzaingoaren presentzia indartu du herrian, eta Ertzaintzari arreta berezia eskatu dio. Udalak badaki pandemiak esfortzu handia eskatzen duela arlo guztietan: giza arloan, arlo pertsonalean, ekonomikoan eta osasun arloan. Hori kontuan izanda, zornotzarrei erne jarraitzeko eskatu nahi die, azken ahalegina egiteko.

 

Indarrean dagoen araudia gogoraraztea

Ondorengo lerroetan Udalak indarrean dagoen araudia gogorarazi nahi die herritarrei, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldutakoa:

  •    Maskararen erabilera barruko espazioetan. Maskararen erabilera kanpoko espazioetan, pertsonen arteko distantzia gomendagarria ezin denean ziurtatu.
  •    Pertsonen artean 1,5 metrotako distantzia mantendu.
  •    Ez  parte hartu indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta neurriak ziurtatu ezin daitezkeen bilkuretan, festetan edo ekitaldietan; ez kanpoan, ez barruan.
  •    Gehienez 6 pertsonako taldeetan bildu.
  •    Barruko espazioa etengabe aireratu.
  •    Sintoma susmagarririk izanez gero, hau da, eztula, eztarriko mina, sukarra, aire faltaren sentsazioa edo usaimena galtzea, isolatu etxean eta jarri osasun zentroarekin harremanetan.
  •    COVID 19 proba batean positibo emanez gero edo  probaren batean positibo eman duen norbaiten kontaktu zuzena izanez gero, lagundu aktiboki bilaketa zerbitzuei.