`Amorebieta-Etxano, kulturen bidegurutzea´ ikuskizunak agerian jarriko ditu herrian elkar-bizi diren kultura ezberdinak

2021/10/20
• Amorebieta-Etxanon bizi diren komunitate ezberdinek hartu dute parte ikuskizunaren antolakuntzan eta guztien aportazioarekin osatu da emanaldia. • Emanaldia urriaren 23an izango da Zornotza Aretoan, 20:00etan. Sarrerak eskuragarri daude zornotzaaretoa.eus orrian.

Amorebieta-Etxano herria bidegurutze gisa ezagutu izan da historian zehar eta hitz horrek esan nahi duen guztiarekin, ikuskizuna antolatu du Udalak urriaren 23an, larunbatean: `Amorebieta-Etxano, kulturen bidegurutzea´. Ikuskizuna `Guztion ondarea, Denok parte´ lelopean izaten diren 2021eko Ondarearen Europako Jardunaldien ekintzetako bat da. Emanaldiaren helburua da, herrian elkarrekin bizi diren kultura ezberdinak agerian jartzea. Horretarako, Amorebieta-Etxanoko komunitate ezberdinek hartu dute parte ikuskizunaren sorreran eta antolaketan, eta bakoitzak egin duen aportazioarekin eraiki da emanaldi integratzaile hau. Ikuskizuna Zornotza Aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.zornotzaaretoa.eus orrian.

 Kultura ezberdinen topaleku

Amorebieta-Etxanoko historian zehar kultura ezberdinetako hainbat pertsona igaro izan dira herritik, eta horietako askok hartu dute bertan geratzeko erabakia. Amorebieta-Etxanon bat egin dute inguruko bailaretako ohiturek, eta  kostaldeko eta barrualdeko aireek, harreman aberasgarriak sortuz. Industrializazio garaiak ere komunitate ezberdinetako langileak erakarri zituen Amorebieta-Etxanora. Azken urteetan mundu osoan zehar izaten ari den migrazio fenomenoa ere nabaria da herrian, kultura eta jatorri ezberdinetako herritarren aniztasuna handitu egin baita. Hori horrela, gaur egun komunitate ezberdinak elkarrekin bizi dira Amorebieta-Etxanon: errusiar lipobenoak, afrikarrak, hegoamerikarrak, asiar kontinentekoak...

Euskal Kultura komunitate hauekin guztiekin bizi da, eta horrekin batera, mendez mende gure lurretan sustraitu den hizkuntza eta nortasuna. Guztiek, hamaika kulturetako herritarrek, osatzen dute bidegurutze honen ondarea. Ezaugarri horietatik guztietatik abiatuta sortu da `Amorebieta-Etxano, kulturen bidegurutzea´ ikuskizuna.

Aitor Ormaetxea eta Josu Camara izango dira koordinatzaileak, eta emanaldian parte hartuko duten elkarte eta norbanakoak, hauek dira:
·Udabarri Dantza taldea
·Zornotzako Bertso Eskola
·Bertsolariak: Malen Amenabar eta Etxahun Lekue
·ZABE Zornotzako Komunitate Afrikarraren Elkartea
·MOVISI, Togo-Euskal Herria arteko anaitasun elkartea, musika-dantza taldea
·Saharar komunitatea
·Fatma Gaila emakumezko poeta sahararra
·JURAVCA Errusiar Lipovenoen Abesbatza (Errumania)
·Errumaniar Bizitza Kulturala elkarteko dantzariak
·Mikel Bikandi gitarra jotzailea
·Antonio Rubio Sagarduy perkusiolaria
·Arpelik ez Txalaparta Taldea (Anartz Iturrioz eta Olaia Hormaetxe)
·Sonakay Musika Taldea
·Rosalinda Incardona Marrazkilaria
·Ongi Etorri Errefuxiatuak