Amorebieta-Etxanok indartu egingo du genero indarkeriaren biktimei emango dien arreta

2019/04/11
• Emakumeen kontrako indarkeriaren II. Erakunde arteko Protokoloa, Udala, Osakidetza eta Ertzaintzaren koordinazioaren emaitza da eta biktimei ematen zaien arreta hobetzea du helburu. • Ikastetxeetan ematen den prestakuntza ere indartu egingo da, indarkeria sexista kasuak ekiditeko.

Amorebieta-Etxano, 2019ko apirilaren 11. Amorebieta-Etxanok indarrean jarri du emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Erakunde arteko II. Protokoloa, Udala, Osakidetza eta Ertzaintzaren artean adostua. Indarkeria sexista kasuetan hainbat erakundetako agenteen koordinazioa hobetzea da helburua, kasuari modu bateratuan heltzeko, ahalik eta modu eraginkorrenean eta biktimari min gutxiago eraginez.

Halaber, protokolo berri honekin herritarrengandik hurbilen dauden zerbitzuen prestakuntza bultzatu nahi da, hau da, Udaltzaingoa, Udaleko gizarte zerbitzuak eta Osakidetza. Horrela, herritarrengandik hurbilago egon nahi da, biktimarekiko enpatia sentitu, beharrezko balioa mota honetako egoeratan.

2018an herrian egon diren emakumeen kontrako indarkeriaren 28 kasutik 20 kasu artatu dituzte Amorebieta-Etxanoko Gizarte Zerbitzuek. Egoera hauetako bakoitzean, Udalak, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak protokolo bat martxan jarri dute, biktimaren adostasunarekin, eta hainbat baliabide eskaini dira, esaterako, orientazioa, arreta psikologikoa emakume edo umeei, ofiziozko abokatua edo aholkularitza juridikoa.  Azken urtean, gehien erabili diren baliabideak arreta psikologikoa eta orientazioa izan dira.

Ikastetxeek emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko prestakuntza ematen dute eta horrela, irakasleek indarkeria kasuak goiz antzemateko beharreko tresnak dituzte. 2018an genero indarkeriaren biktima gehienak 18 eta 25 urteko arteko neskak izan dira (8). Horregatik beharrezkoa da berdintasunaren balioa gazteenen artean indartzea. Erakunde arteko protokolo berri honen asmoa da irakasleek tartean dauden hainbat eragile publikoren arteko koordinazio bileretan parte hartzea.

Iaz udal zerbitzuek artatutako emakumeen %90k erasotzaileen aurkako salaketa jarri zuen. Une hartan, biktimen %35 banaketa edo dibortzioa izapidetzen ari zen.  Azken ekitaldian, igo egin da gizarte langileengandik arreta jasotzerako unean babesteko agindua duten emakumeen kopurua. 2017an 8 izan ziren eta 2018an 11.