Amorebieta-Etxanok Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko du

2019/02/25
• Antzerkia, tailerrak eta hitzaldiak izango dira martxoaren 8ko programazioaren protagonista. • Martxoaren 9an Zubiondo parkean Emakume Nekazari eta Artisauen XXII. Azoka egongo da.

Amorebieta-Etxano, 2018ko otsailaren 22a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak hainbat ekintza antolatu ditu  martxoaren 8a , Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko. Programazioan antzerkia, tailerrak, ipuin kontalariak, hitzaldiak, etab. aurki ditzakegu.

Asteazkena, martxoak 6
Programazioa martxoaren 6an hasiko da klown antzerki ikuskizun batekin, gazte eta helduentzat.

Virginia Imazek zuzentzen duen Oihulari Klown antzerki taldeak klown parodia bat taularatuko du: “Sex no sex” . Protagonista Pauxa da, bizitzari, heriotzari eta sexuari buruz bere buruari galdetzen dion pailazoa. Publikoa bere gogoeten konplize eta testigu izango da. Sexuan hasiera batean izandako esperientziak partekatuko ditu, giza harremanei buruz dituen kezkak azalduko ditu eta baita harreman osasuntsuak kudeatzeko zailtasuna ere. Guzti hau genero ikuspuntu batetik egiten du.

Hitzordua Zornotza Aretoan izango da 19:00etan.

Osteguna, martxoaren 7a.
Oihana Azkorbebeitiak (mendi trail korrikalariak) “Mendiaren Altzoan” izeneko hitzaldi bat emango du martxoaren 7an, osteguna. Sarrera doakoa izango da eta hitzaldia 20:00etan hasiko da Harrison 6-9 eraikinean. Koralak antolatu du.

Ostirala, martxoak 8
Emakumeen Nazioarteko Egunaren ardatza 13:00etan Herriko plazan egingo den elkarretaratzea izango da. Elkarretaratzearen ondoren, erakunde adierazpen bat irakurriko da.

17:00etan ludotekan eskulan tailer bat egingo da “Aparteko emakumeak” izenburupean eta, ordubete beranduago, Gaztetxokoan txapa tailer bat egingo da.

Larunbata, martxoak 9
Larunbatean Ana Galarragak “Marikalanbre bizitzaren laborategian” izeneko ipuin kontaketa saioa gidatuko du. 12:00etan izango da udal liburutegian.
Zubiondo parkean Emakume Nekazari eta Artisauen XXII. Azoka egongo da goizez. Euskal Herriko hainbat lekutatik etorriko dira emakumeak produktu aukera zabalarekin: ogia, ahatearen ingurukoak, gozogintza, marmeladak, fruta-gozokiak, etxean egindako hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxigintza, larrua, zeramika, arropak edota birziklatutako osagarriak, etab.  Era berean, txosna bat jarriko da janari eta edariarekin.
Azoka inguruan, musika, kirol erakusketa, txistulariak, trikitilariak eta nesken herri kirolak egongo dira (Harriti taldea). Dantza erakusketaz Udabarri Dantza taldea arduratuko da.