Amorebieta-Etxano, 2020an, 10.000 biztanletik gorako Bizkaiko udalerririk seguruena izan da

2021/05/27
• 2020an, udalerriko delitu-tasa % 13.02 jaitsi zen aurreko urteko datuekin alderatuta: 922 delitu-egitate izan ziren 2019an, eta 802 2020an.

Amorebieta-Etxano, 2021eko maiatzaren 27an, osteguna. 2020an, udalerriko delitu-tasa % 13.02 jaitsi zen aurreko urteko datuekin alderatuta: 922 delitu-egitate izan ziren 2019an, eta 802 2020an. Hala ondorioztatzen da Ertzaintzak eta Amorebieta-Etxanoko Udaltzaingoak batera egindako delitu estrategikoen azterketatik.

Azterketa horren arabera, iaz, 2020an, ia delitu-modalitate guztiak jaitsi ziren Zornotzan, batez ere ondarearen aurkako delituak.

Hala, joan den urtean zehar delitu-moten bilakaera argi eta garbi baldintzatu dute osasun-egoerak eta COVIDaren aurkako araudiak ezartzeak, baita horiek hilabeteetan zehar eguneratzeak ere.

Konfinamendu-denboraldian, adibidez, etxebizitzako lapurretak ia 0era jaitsi ziren, eta, oro har, erasoak eta indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretak ez ziren urteko une bakar batean ere pandemiaren aurreko balioetara iritsi, ezta azken hilabeteetan ere, udalerriko gaueko bizitza murriztearen ondorioz, seguruenik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Udaltzaingoaren zerbitzua indartu du asteburuetan osasun arauak betetzeko zaintza areagotzeko.

Estrategia bateratua

Ertzaintzaren eta Amorebieta-Etxanoko Udaltzaingoaren estrategia bateratua funtsezko bi premisatan oinarritzen da: polizia-koordinazioa eta delituen prebentzioa.

Bi polizia-kidegoen helburu nagusietako batzuk izan dira eta izango dira udalerriko kale eta auzoetan patruilen lana indartzen jarraitzea, bai autoz, bai oinez, herritarren segurtasunaren pertzepzioa areagotzeko eta herritarrek segurtasunaren arloan dituzten beharrei erantzuteko, eta giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak hobeto aprobetxatzea.

Halaber, polizia-estrategiaren parte dira behar den lekuan eta unean egotea, polizia-agenteak egunerokoan berregokituz, laguntza-, ikerketa- eta patruilatze-lanak koordinatzeko lankidetza indartuz.

Azpimarratu den beste gaietako bat delituen prebentzio aktiboa da, kalean ikus daitezkeen jarduketetatik eta herritarrekiko elkarrizketatik abiatuta.

Adibide bat jartzearren, Amorebieta-Etxanon, 2021eko apirilean, 24 udaltzainek, horietako bi emakumeak, hainbat motatako 1.118 esku-hartze egin dituzte: adingabeekin egindako esku-hartzeak; udalerriko bizilagunei laguntzen egindako jarduketak – Zaurituak, erorikoak, erreskateak igogailuetan –; hiri-segurtasunarekin lotutako esku-hartzeak; hiri-trafikoarekin lotutako esku-hartzeak – arau-hausteengatiko, istripuengatiko, harrapatzeengatiko, alkoholemiengatiko salaketak-; COVIDen aurkako borrokarekin lotutako jarduerak – Indarrean dauden irizpideei buruzko informazioa ematea, botiloiak, egindako arau-hausteengatiko salaketak – eta ingurumenarekin lotutako beste esku-hartze batzuk.