ALDUNDIAK “BOSTEKO 2013” ERAKUSKETAREN XVI. EDIZIOA AURKEZTEN DU. AMOREBIETAN INAUGURATUKO DA

2010/09/07
- Oraingo honetan lau artista gazteren lanak ikusi ahalko ditugu: Juana García Pozuelo, Álvaro Gil Soldevilla eta Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatutako bikote artistikoa) - Erakusketa Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroan irekiko da jendearentzat gaur. Gainera, Arrigorriagan, Basaurin, Getxon eta Leioan erakutsiko da

Bilbo, 2013ko irailaren 11.- Miren Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta David Latxaga Amorebietako alkateak “BOSTEKO 2013” erakusketa ibiltariaren edizio berria aurkeztu dute. Gaur arratsaldean irekiko da jendearentzat Amorebietan. Urtero bezala, euskal artisten obra garaikideak bilduko ditu, Bizkaiko zenbait udalerritan ikusi ahalko direnak.


Edizio honetan, Bizkaiko arte plastiko eta bisualen eremuan indarrez sartu diren artista gazteen proposamenak aurkeztuko dira:  

Juana García Pozuelo, Álvaro Gil Soldevilla eta Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatutako bikote artistikoa). 

Oso sortzaile ezberdinak dira, erakusketa honetan fikzioen irudikapenaren inguruan biltzen direnak. Hiruek oso “FIKZIO” ezberdinak erakusten dituzte, ikuspegi askotatik eta hainbat modutan. Oraingo honetan egin dituzten azken lanetako batzuk erakusten dituzte.

“BOSTEKO 2013” erakusketa koordinatua da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak diruz lagundua. Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Leioa, Basauri eta Getxoko Udaletako kulturako arduradunen lankidetzari esker antolatzen da. Izaera ibiltaria dauka. 1998. urtetik hamaseigarren urtez segidan, arte garaikidea Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietara hurbiltzen du.

Zehazki, data hauetan:

Amorebieta-Etxano: irailaren 11tik 29ra bitartean
Arrigorriaga: urriaren 2tik 20ra bitartean
Basauri: urriaren 22tik azaroaren 6ra bitartean
Leioa: azaroaren 12tik abenduaren 1era bitartean
Getxo: abenduaren 3tik 29ra bitartean


Artista hauek dira lanak erakutsiko dituztenak:


JUANA GARCIA POZUELO
Juana García-Pozuelo Logroñon jaio zen 1978an eta Bilbon bizi da 1996. urteaz geroztik. Arte Ederretan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Arte Sormen eta Ikerketa masterra dauka, unibertsitate berean. Horrez gain, zenbait ikastaro egin ditu. Nabarmenenak New Yorkeko School of Visual Arts-en egindakoa eta Salzburgoko Summer School of Fine Art-en egindakoa dira. Esan behar da, bestalde, zenbait arte eta pintura mintegitan parte hartu duela Bilbaoarte Fundazioan. Orain dela gutxi hiri-esplorazioko ikastarora joan zen Mabi Revuelta artistarekin, AlhóndigaBilbao espazioan. Banakako zazpi erakusketa egin ditu Bilbon, Basaurin, Gasteizen eta Logroñon. 2001. urteaz geroztik zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu du Espainia osoan, adibidez, desagertutako L’Oreal sarian, Alikanteko Diputazioa, A Coruñako María José Jové fundazioa, eta Bizkaiko eta Errioxako hainbat lehiaketetan.
Eskuratu dituen sarien artean Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012ko beka aipatu behar dugu, Bilbaoarte fundazioan egoiliar izan da bi aldiz, egoiliarra izan da Staten Island-eko Snug Harbor Cultural Center zentroan (New York-en), eta bi gazte sari jaso ditu Errioxako Parlamentuaren Pintura Lehiaketan.

Haren curriculum xehea eta margolan berrienen lagina artistaren webgunean daude: www.juanagarciapozuelo.com 

ALVARO GIL SOLDEVILLA
Álvaro Gil (Corella – 1986) Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Bilbon bizi eta lan egiten du. Bilbon arte-ekoizpenean eta ikerketa-lanean dihardu. Gainera, doktoretza tesia prestatzen ari da, “El custom popular, construcciones transformativas de superficie en la periferia del arte” izenekoa, UPV/EHUren bekarekin.  

Beraren lanak zenbait arte azoka, galeria eta museotan egon dira ikusgai: Swab, Just Mad, Louis 21, Raquel Ponce, Guggenheim Bilbao  Museoa eta Huarte Arte Garaikideko Zentroa, besteak beste.

2012an Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso zuen "Tuneando con Ikea" proiektua egiteko. Bestalde, Nafarroako Kultura Departamentuak beka bat eman zion "Bricolajismos y otros menesteres hechos a medida. Hágaselo usted mismo" izeneko egitasmoa gauzatzeko.

Álvaro Gilen prozesu artistikoak maila handiko eta txikiko kulturen arteko bereizketa auzitan jartzen du. Haren eraikuntzak kustomizazioaren kontzeptuan, neurrira egindako eraldaketetan, oinarritzen dira. Brikolajearen ikuspegitik abiatuta, emaitza ikusgarri eta ustekabekoak lortzen ditu. Beraren ikerkuntza DIY filosofiarekin (Do It Yourself, “Zuk zeuk egin”) eta “kontsumo ezarekin” lotuta dago. Objektuak sortzen ditu, eta karkasa eraldatzaileak jarriz balio berria ematen die, formalki preziosista eta kontzeptualki kritikoa. Prozesu eta harreman jarrera honek, birziklatzearen eta muntatzearen bidez, forma konplexuak lortzen ditu. Artelan hauetan, izaera funtzionala eta estetika bat datoz, ustekabean.

SRA POLAROISKA

Sra. Polaroiska Alaitz Arenzana & Maria Ibarretxe dira. Haien lana zine esperimentalaren, akzio-artearen, eszena-sormenaren eta koreografiaren ingurukoa da. Haien piezak anbiguoak dira, nahita izan ere. Gorputzari lotutako rolekin jolasten dute, ikuslearen begirada desorekatuz. Dantzaren eta arte eszenikoen ikerketan diharduen Ruemaniak kolektiboko kide dira biak. Euren lehenengo pieza 16 mm-tan filmatu zuten. Berarekin Injuve 2003 saria eta soinu-bandarik onenaren Mecal saria irabazi zituzten. Hortik aurrera, beraien lanak zenbait arte zentro eta jaialditan erakutsi dira: CA2M, Montehermoso, Circulo de Bellas Artes Madrid, Guggenheim Bilbao, Bilbaoarte, Leuven-go Stuk Kulturcentrum , Estokolmoko Instituto Cervantes, Reina Sofía, Festival de Cinémas diferentes de Paris, besteak beste. 2008an  A.I.R Laboratory egoitza-beka jaso zuten Centre for Contemporary Art Ujazdowski Castle-n, Varsovian,  eta Bilbaoarteko egoitza-beka. “Kimuak” taldeko kide dira. “Ekspozycja 19” filma nazioarteko 40 jaialdi baino gehiagotan erakutsi dute. 2012an lehenbiziko Ertibil saria jaso zuten “Pilota Girls” piezarekin. “Lurraldeak eta mugak”en barruan esperientzia dokumental garaikideetan, IV. Maleabilidad…y ¡Revolución! 2013, parte hartzen dute.


Alaitz Arenzana. Bilbo 1976. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1999/2000. Posprodukzio Digitaleko masterra, CEV, Madril, 2000. Pascal Aubier tailerra, Nazioarteko Zine eta Telebista Eskola, EICTV, San Antonio de Los Baños, Kuba, 2003. “Retóricas de género. Políticas de la identidad. Performance, Performatividad y Prótesis” mintegian parte hartu zuen. UNIA. Sevilla.2003. Aldi berean, dokumentalak eta publizitate-spotak egiten ditu.

Maria Ibarretxe. Bilbao 1977. Arte Dramatikoan diplomatua B.A.I.n eta Basauriko Antzerki Eskolan. Zuzendari ikasketak E.I.T.V.n egin ditu (San Antonio de los Baños/Kuba) eta zenbait mintegitan ikasi eta parte hartu du, besteak beste Meg Stuart, Beatriz Preciado, Dominique Mercy, Bojana Kunst, Jordi Cortes, Damian Muñoz eta Simone Aughterlonyrekin. Era berean, 2007. urteaz geroztik, Koen De Preter koreografo eta dantzariarekin batera lan egiten du Belgikan. Haren pieza koreografiatuak zenbait nazioarteko jaialditan aurkeztu dira eta lehenengo saria irabazi dute.