AKTIBATU! kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko udal proiektuaren bigarren fasea osatu da

2021/04/13
• Kirolaren bidez euskararen erabilera sustatzea eta indartzea. Honakoa hau da 2019an udalak Artez enpresaren bitartekaritzarekin bideratu zuen JOKATU! egitasmoaren xede nagusia. • Erantzuna ezin hobea izan zen eta egitasmoan parte hartu zuten hiru elkarteak Sociedad Deportiva Amorebieta, Ikas-Txiki futbol eskola eta C.D. Betigol izan ziren. • Proiektuaren lehen aldi horretan landutakoak praktikara eramateko helburuarekin, Artez enpresak proiektuaren bigarren atala jarri zuen martxan, AKTIBATU! ekimenaren bidez.

Amorebieta-Etxano,  2021eko apirilaren 13an, asteartea. Kirolaren bidez euskararen erabilera sustatzea eta indartzea. Honakoa hau izan zen 2019an udalak bideratutako JOKATU! egitasmoaren xede nagusia. Artez enpresaren bitartekaritzaren bidez, Udalak herriko kirol elkarteei proiektu honetan parte hartzeko proposamena egin zien gazteria, euskara eta kirola uztartzeko asmoarekin, izan ere, kirola euskaraz ere egiten da. Erantzuna ezin hobea izan zen eta egitasmoan parte hartu zuten hiru elkarteak Sociedad Deportiva Amorebieta, Ikas-Txiki futbol eskola eta C.D. Betigol izan ziren.

Proiektuaren lehen aldi horretan landutakoak praktikara eramateko helburuarekin, Artez enpresak proiektuaren bigarren atala jarri zuen martxan, AKTIBATU! ekimenaren bidez. Helburua, berdina: hiru elkarte hauek haien ohiko kirol jardueretan euskararen erabilera areagotzen laguntzea.

Euskararen erabilera sendotzeko konpromisoa

C.D. Betigolen kasuan, erronka nagusia jokalarien artean euskararen erabilera indartzea izan zen. Honakoa lortzeko metodologia zehatza jarri zuten martxan, baita emaitzak lortzen hasi ere, izan ere, ekimenaren ondorioz jokalari batzuen artean hizkuntza ohiturak aldatzen hastea lortu dute.

Sociedad Deportiva Amorebieta kirol elkartea ere ez zen atzean gelditu. Horrela, euskaren agerpena sendotzeko helburuarekin jarraitutako hizkuntza irizpide eta ildo nagusiak jaso ditu dokumentu batean: besteak beste. irudi korporatiboan euskarari lehentasuna emango zaio, entrenamenduetako hizkuntza lehenetsia euskaraz izango da, bazkideekiko harremana euskaraz izatea lehenetsiko da eta zuzendaritzako kideen arteko hartu emanak euskaraz izateko konpromisoak zehaztu dira. Orain dokumentu hori xede-taldeei helaraziko zaie, konpromisoa partekatua izan dadin.

Ikas-Txiki futbol eskolak hizkuntzen erabileraren dekalogoa definitu du guraso talde baten laguntzarekin. Dokumentu honetan nagusiki hiru planotan euskaraz jardutearen garrantzia azpimarratzen da: entrenatzaileen jardunean (haien artean zein jokalariekin eta gurasoekin), gurasoei dagokienez eredu izatearen garrantzian eta azkenik, euskarak ,jardueretako hizkuntza nagusi bezala umeengan duen garrantzian.  Horretaz gain, euskara kirolean erabiltzeak daukan garrantziaren hausnarketa bezala eta bide batez, dekalogoaren aplikazioa errazteko, entrenatzaileek 2 orduko online ikastaroa egin dute.

Hori dela eta, Amorebieta-Etxanoko udalak eskerrak eman nahi dizkio Artezi egindako lanagatik eta kudeatu duen proiektuagatik, baita ere, proiektuan parte hartu duten hiru elkarteak zoriondu egindako ahaleginagatik. Halaber, udalak kirol arloan lanean jarraituko du arlo honetan ere euskarak dagokion lekua izan dezan.