Gustu eta adin guztietakoentzako ekintzak Amorebieta-Etxanon Karmengo jaiak ospatzeko.

2014/07/07
•60. urteurrena betetzen duela eta, Zornoza Arte eta Kultura Elkarteak emango du pregoia. •Zubiondo plazan, Doctor Deseo eta Pegatina taldeen emanaldiak izango dira, besteak beste.

Amorebieta-Etxano, 2014ko uztailaren 07a. Uztailaren 15ean, asteartez, hasiera emango zaie Karmengo jaiei. Urteroko moduan, musikaz, kolorez, gastronomiaz, antzezlanez, eta abarrez beteko dute Amorebieta-Etxano hamahiru egunez. Ohikoa denez, udalerriko elkarteen eta taldeen lankidetza izan du Udalak, aktiboki inplikatu baitira zornotzarrak gustu eta edade guztietakoak jarduera ludikoetan murgil daitezen.
Pregoia, Zornoza Arte eta Kultura Elkartearen eskutik

Jai batzordeak Zornoza Arte eta Kultura Elkartea (SACZ) aukeratu du Karmengo jaien pregoilari, beraren 60. urteurrena dela kausa. Zornoza Korala da 1954an sortu zen Zornoza Arte eta Kultura Elkartearen jarduera nagusia. Hainbat tokitan eskaini dituzte emanaldiak urteotan, Euskal Herria nagusiki, baina baita estatuko beste zenbait lekutan, eta atzerrian ere bai, Frantzian, Belgikan eta Alemanian esaterako.
Udalerrian erabat sustraituta dago abesbatza, eta errepertorio zabala darabil: euskal folkloreko lanak, polifonia, musika sakroa eta profanoa, etab. Garai batean ahots mistoek osatuta zegoen korua, eta garai bikaina bizi izan zuen otxoteei esker ere (koruko kideak ziren). Urteak dira ahots grabeek osatuta dagoela Korala (gaur egun 22 dira).  Zuzendaritza lanei dagokienez, berriz, Rafael Cañón, Serapio Ugarte, Joaquín Zamalloa eta José María González Iza aritu ziren egiteko horietan. Azken hori 40 urtez. Gaur egun, 2005eko urtarrilaz geroztik, Mireia Izagirrek dihardu zuzendari lanetan.

Kontzertuak eta kultura jarduerak

Protagonismo handia izango du musikak jaietako programazioan. Gatibu (uztailaren 15ean, 22:00etan), Demodé Quartet (uztailaren 16an, 21:30ean), Doctor Deseo (uztailaren 18an, 23:00etan), London Orkestra (uztailaren 19an, 23:00etan), Los Tenores de Neoneli y 7 sois mythos orquesta (uztailaren 23an, 22:00etan) taldeek Zubiondo parkea izango dute eszenatoki; berdin Sete Sois Sete Luas jaialdiaren barruan datorren La Pegatina taldeak (uztailaren 24an, 22:00etan), Disko Festak (uztailaren 25ean, 22:45ean), Medianoche hirukoteak (uztailaren 26an, gauerdian) eta Crebinsky bandak (uztailaren 27an, 22:00etan).

Bestelako proposamen musikalak izango dira udalerriko beste zenbait tokitan. Nabarmentzekoak dira, esate baterako, Txistularien XVI. Kontzertu Handia (uztailaren 18an, 21:00etan), Zelaieta parkean; Urtz  taldearen kontzertua (uztailaren 18an, 22:00etan) txosnen eszenatokian; Orion Child eta The Mockers taldeena (uztailaren 19an, 22:00etan) leku berean; Amets Arzallus, Jon Maia, Onintza Enbeitia eta Jone Uria bertsolariena, hilaren 21ean, 21:00etan Herriko plazan; uztailaren 27an, igandearekin, goizez izango den trikitilarien topaketa. Ezin aipatu gabe utzi kaleko musika emanaldiak,  Lokomotores taldeak Harrisonen, Luis Urrengoetxean, Euskal Herria plazan eta Kalbarion Santa Anatxu egunean, hilak 27, gaueko 21:00etan eskainiko dutena, eta Ladinamo taldeak, egun eta ordu berean Andra Mari plaza eta Zezilia Gallartzagoitia inguruetan ekarriko diguna. 

Aipatzeko da, baita ere, gazteentzako Zu Zeu artista!!! eszena proposamenen tokiko lehiaketaren bosgarren edizioa. Hilaren 25ean izango da, iluntzeko 21:30ean, Zubiondo plazan. Erdi Aroko jokoek ere euren tokia izango dute uztailaren 18an, ostirala, arratsaldeko 17:00etan txosnetan. Proposamen horiez gain, kaleko musika, fanfarreak... 

Kaleko antzezlanei dagokienez, berriz, jaietarako proposamenen artean, azpimarratzekoak dira “Mumusic Circus” zirko-antzezlanaren antzezpena, Trapuzaharrak konpainiak ekarriko duen “Vive soñando” obra, eta umeentzako ‘Sardine Freskue’ lana, Eidaberen eskutik etorriko dena. Horiek guztiak ez ezik, dantza ikuskizunak ere aurkeztuko dituzte, Kukai-Cesc Gelabertek batetik eta Umuzi Wenkosi hegoafrikarrek bestetik.

Kirol jarduerak

Urtero bezala, kultur programazio oparoa ez ezik, hainbat kirol eskaintza ere bildu dira programaziora, bai nagusiek parte hartzeko, bai eta umeei zuzenduta ere: herri kirolak, xake eta tenis txapelketak, arku-tiroaren lehiaketa, koadrilen arteko piragua jaitsiera Ibaizabalen, herriko pala eta esku-pilota txapelketak, umeen bizikleta-martxa, Amorebieta IV. frontoian izaten diren profesionalen arteko pilota-partidak, etab.
Horiek gutxi balira bezala, Zornotza Xake Klubak aldi bereko 50 xake partida antolatu ditu Bizkaiko txapelduna den Javier Marchenaren aurka. Uztailaren 18an izango dira, ostiralarekin, arratsaldeko 17:00etan, Zelaieta parkean.
Hilaren 25ean, arratsaldeko 18:30ean, Urritxeko futbol zelaian, Sociedad Deportiva Amorebieta taldearen aurkezpen partida eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren IV. Trofeoa jokatuko dira.

Etxeko txikienentzat

Amorebieta-Etxanoko jaietan murgildu nahi duten umeek ere hainbat jolas, kirol, musika... jardueraz  gozatzeko parada izango dute: hilaren 20an goizeko 11:30ean Zelaieta parkean antolatuko den jolas ekologikoen parkea, umeentzako III. Scalextric Txapelketa (uztailaren 18an), umeentzako arrantza-txapelketa (19an, goizeko 9:00etan, Ibaizabalen) eta tradizioa den umeen danborrada (hilaren 24an, 19:00etan), besteak beste.

Koadrilak eta gertaera herrikoiak

Uztailaren 18an, ostirala, Koadrilen eguna izango da. Hainbat ekitaldi eta bazkari herrikoia antolatuko dira txosnen esparruan. Horrezaz gain, asko izango dira Amorebieta-Etxanoko koadrila guztiek parte har dezaten antolatu diren jarduerak eta lehiaketak: altxorraren bila (uztailaren 17an, osteguna, 17:30ean); play-back txapelketa (22an, 19:00etan, txosnetan); piragua jaitsiera Ibaizabalen (uztailaren 23an, 18:30ean), koadrilen arteko herri kirolak... Azkenik, baina ez garrantzi txikiagokoa delako, kontrakoa baizik, urtero jende pila biltzen duen marmitako txapelketa aipatu behar da: larunbatean izango da, uztailak 19, goizean hasita.