Abian da Aktibatu + Aurrezten eta ingurumena zaintzen laguntzen duen programa

2010/09/07
• Aktibatu + programak ekimenarekin bat egiten duten udalerrietako biztanleen, ikastetxeetako ikasleen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzen du. Ikasleen gurasoak dira aitzindariak, eta gero parte-hartzea komunitate osora hedatzen da • Bizkaiko Foru Aldundiaren, Garbiker Sozietate Publikoaren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta Eroski taldearen ekimena da, eta ingurumen-iraunkortasunaren aldeko lanean herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu • 2012-2013ko lehen edizio honetan, Aktibatu + honako udalerri hauetan garatuko da: Amorebieta-Etxano, Debabarrena (Ermua eta Mallabia) eta Durangaldea (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar). Hurrengo edizioetan, programa Bizkaiko Lurralde Historikoko eskualde guztietara hedatuz joango da

1. GAPen nazioarteko testuingurua

Global Action Plan (GAP) –Ekintza Plan Globala- nazioarteko programa bat da, Nazio Batuen Ingurumen Programak sustatua eta UNESCOk (2005-2014 Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzarako Hamarraldia) babestua. Programaren helburua pertsonen bizi-baldintzak hobetzea da, ingurumenean eragiten dugun inpaktua murriztuz etxean edo lantokian bertan egin daitezkeen ekintzen bidez.

1992an, Rioko Goi Bileraren ostean, GAP programa Holandan eta Estatu Batuetan garatzen hasi zen. Orduz geroztik, 26 herrialde atxiki zaizkio. Besteak beste, Britainia Handia, Suedia, Vietnam, Uganda, Kosovo, Nepal eta Polonia parte hartzen ari dira ekimen horretan. Orain arte, mundu osoko 500.000 pertsonak baino gehiagok arrakastaz burutu dituzte hainbat programa.

Idazkaritzaren egoitza Suedian dago. Hortik programa guztiak koordinatu eta erabilitako metodologia berriak herrialde bakoitzeko bazkideei banatzen zaizkie.

GAP emaitza neurgarriak lortzen dituen sistema frogatua eta interaktiboa da. Arrakastaz garatzen ari da leku askotan eta 500.000 pertsonak baino gehiagok beren aztarna ekologikoa eta CO2 igorpenak gutxitzea lortu du. Ideia errazen eta ekintza praktikoen bidez, programan parte hartzen duten pertsonek ingurunearekiko harreman-eredua aldatzea lortzen da.
 
2. GAP programaren aurreko edizioak Euskadin

2003. urtearen bukaeran, GAP programa Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko proiektu bat landu zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin.

Proiektu pilotu gisa jarri zen abian, Garapen Iraunkorraren Euskal Estrategia aplikatzeko eta hainbat udalerrik Agenda 21en garapenean parte hartzeko prozesuaren barruan.

Bi eskualdetako familien % 8,1ek parte hartzea lortu zen (3.800 familiak hartu zuten parte). 2006ko azarotik 2007ko maiatzera arte proiektua Eusko Jaurlaritzarekin batera garatzen jarraitu zen, eta EAEko biztanleriaren % 43ri zuzendu zitzaion.

Parte-hartzaileak lortzeko fasean 13.313 familiak eman zuten izena (parte hartzea proposatu zitzaien 377.000 familien % 3,5). Hirugarren fasean proiektua IHOBEk koordinaturik garatu zen EAEn, eta % 3 inguruko parte-hartzea lortu zen (3.674 familia).

2009an laugarren fasea abiatu zen, EAEko biztanleriaren gainerako % 34ri zuzenduta, eta 3.800 familia inguruk parte hartzea lortu zen (erreferentziazko unibertsoaren % 3).

3. Aktibatu + kanpainaren testuingurua

Testuinguru horretan, eta aurreko edizioen arrakastaren ondorioz, Aktibatu + programa sortu zen. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Garbiker Sozietate Publikoaren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta Eroski taldearen ekimena da, eta ingurumen-iraunkortasunaren aldeko lanean herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu.

Aktibatu + programak ekimenarekin bat egiten duten udalerrietako biztanleen, ikastetxeetako ikasleen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzen du. Ikasleen gurasoak dira aitzindariak, eta gero parte-hartzea komunitate osora hedatzen da.

2012-2013ko lehen edizio honetan, Aktibatu + honako udalerri hauetan garatuko da: Amorebieta-Etxano, Debabarrena (Ermua eta Mallabia) eta Durangaldea (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar). Hurrengo edizioetan, programa Bizkaiko Lurralde Historikoko eskualde guztietara hedatuz joango da.

4. Aktibatu + ekimenaren helburuak

Honako hauek dira Aktibatu + ekimenaren helburuak: parte hartzen duten ikastetxeetan energia kontsumoa % 5 gutxitzea, etxeetan energia eta ur kontsumoa % 5 murriztea, hondakinen gaikako bilketarako edukiontzien erabilera % 12 handitzea eta CO2 igorpenak % 7 gutxitzea.
Horrelako ekimenak oso onuragarriak dira ingurumenarentzat, Bizkaiarentzat eta planeta osoarentzat eta, gainera, familien aurrekontuak hobetzen dituzte. Etxeko gastuetan % 10erainoko aurrezpena lor daiteke, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain.

Gainera, programa burutzen duten pertsonek 2013ko maiatzean zozkatuko diren sari ederrak irabazteko aukera izango dute: bizikleta elektrikoak, Orbea bizikletak, egonaldiak landetxeetan, liburu sortak, bisita gidatuak…
 
5. Aktibatu + ikastetxeetan eta etxeetan

Aktibatu + doakoa da eta eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua minimizatzen ikasteko aukera ematen die familiei eta ikastetxeei. Programako eskuliburu eta galdera-sortei esker etxeko gastuetan dirua aurreztea lortuko dute, kontsumo-ohiturak aldatuz. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak bere bilakaera aztertu ahalko du.
Web orri espezifiko bat dago programan parte hartu nahi duten familientzat, honako gai hauek jorratzeko lanabes erraz eta eraginkorrez osatua: erosketak/hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna. Programan parte hartzen duten udalerrien edo mankomunitateen web orrien bidez sartzen da web orri horretan, edo www.bizkaia21.net atariko Aktibatu + atalaren bidez.

Aktibatu + programa lau arlo nagusiz osatuta dago: ura, energia, erosketak eta mugikortasuna. Gai bakoitza hiru astez lantzen da, era praktiko eta erraz batean. Beraz, programak hiru hilabete irauten du, izena ematen den egunetik aurrera.

Parte hartu nahi duen pertsonak programan izena eman ondoren, plataformak beraren eguneroko ohituren iraunkortasuna ebaluatzen du, galdera erraz batzuen bidez. Ebaluazio horretan oinarrituta, pertsona horren ohiturek gure ingurunean duten eragin kaltegarria gutxitzeko zer egin daitekeen azaltzen du. Horretarako, informazio-eskuliburu praktikoak eskaintzen dizkio izena eman duen pertsonari.

Plataforma 2012-2013 ikasturte osoan egongo da irekita, eta parte hartu nahi duten pertsonek edonoiz eman dezakete izena. Aktibatu + programak 12 aste irauten du (3 aste gai bakoitzeko: ura, energia, erosketak eta mugikortasuna). Programa burututakoan, parte hartu duten pertsonak GAP Klubeko kideak izango dira. Horrela, hala nahi duenak ekimenari atxikita jarraituko du programa burutu ondoren ere. Albiste interesgarriak jasoko ditu bere orri pertsonalean eta foro nahiz blogetan parte hartzeko aukera izango du, guztion artean ingurumena zaintzen eta babesten jarraitzeko.

Familiez gain, 9 ikastetxe garatzen ari dira Aktibatu + programa: Zornotzako Andra Mari Ikastola, Lauaxeta Ikastola eta Urritxe Institutua; Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutua eta San Antonio Santa Rita Ikastetxea; Elorrioko Institutua; Ermuko Anaitasuna BHI eta Anaitasuna LHI; eta Iurretako Juan Orobiogoitia BHI. Lehenik eta behin, energiaren gaia abiapuntutzat harturik, ikastetxe bakoitzak bere energia kontsumoa ikuskatu du. Bigarren fase batean, ikasleak arduratuko dira eskola-komunitate osoa ohitura txarrez kontzientziatzeaz. Azkenik, egindako aldaketen emaitzak ebaluatuko dituzte. Programa hau ikasleen erabateko inplikazioan oinarritutako bitarteko ludiko bat da, ikastetxeko energia kudeaketaren ahulguneak aurkitzea eta lanean hastea ahalbidetzen duena.

6. Aktibatu + kanpainaren hedapena

Aktibatu + kanpainari buruzko informazioa parte hartzen duten udalerrien nahiz mankomunitateen eta erakunde sustatzaileen web orrietan egongo da eskuragarri. Toki-erakundeen laguntza funtsezkoa da familia askok parte hartzea lortzeko, eta guztiek konpromiso argia erakutsi dute tokian tokiko herritarrak ekimen honetara erakarriko dituzten ekintzak egiteko. Izan ere, “ez dira ahalegin handiak eskatzen, ekintza xumeak baizik”. Horregatik, ekimen interesgarri honetan parte hartzera animatzen zaituztegu.