Hitzaldia antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak edadekoen elikadura-ohitura osasuntsuei buruz

2010/09/07
• Ekainaren 6an izango da, arratsaldeko 17:00etan, Zelaieta zentroan.

Amorebieta-Etxano, 2013ko ekainaren 3a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza sailak, “Zainduz: Zaintzailea zaindu” programaren bidez, “Elikadura-ohitura osasuntsuak edadekoen artean” hitzaldia antolatu du ekainaren 6rako. Arratsaldeko 17:00etan izango da Zelaieta zentroan, eta bereziki edadeko pertsonei eta euren senideei zuzendua bada ere, interesa duten herritar guztiei dago zabalik.

Osasunari eustea


Osasun-egoera egokiari eusteko lagungarri izan daitezkeen jarraibideak eta gaixotasunen prebentzioa dira “Elikadura-ohitura osasuntsuak edadekoen artean” izenburupean eskainiko den hitzaldiaren helburua, elikadura osasuntsuari dagokion tokia emanez.

Elikatzea bizirik irauteko jatea baino zerbait gehiago da, beharrizan hori era osasuntsuagoan asetzeko aukera ematen baitu. Elikadura egokiari eta bizimodu osasuntsuari esker, sasoi hobean izango dugu gorputza, eta bizi kalitatea ere handiagoa izango da. Bizitza zikloaren eboluzioan garai bat da zahartzearena, eta pertsonen nutrizio-beharrizanetan eragina duten aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira bizitzaren fase horretan. Hori aintzat hartuta, adinaren poderioz gertatzen diren aldaketa biologikoak eta nutrizioarekin daukaten lotura aztertuko dira hitzaldian.

Elikadurarekin lotuta sarrien gertatzen diren arazoak eta gaixotasunak izango dira mintzagai: gaixotasun kardiobaskularrak, diabetea, hipertentsioa, kolesterolaren maila altuak eta osteoporosia... Era berean, nutrizio kontuetan adin horretan dauden betekizunak ere landuko dira, 60 urtetik gorakoentzako dieta osasungarriak eta edadekoentzako gomendio orokorrak iradokirik. 

Monserrat Pérez García izango da hizlaria. Medikuntzan lizentziatu honek esperientzia handia dauka hirugarren adinekoentzako zerbitzugintzan.