2020an, udaleko gizarte-zerbitzuek 242.458,37 € eman dituzte gizarte-larrialdi laguntzetarako

2020/12/29
Zehazki, 2020an, 195 eskaera erregistratu dira eta guztira 242.458,37 € eman dira. Laguntza horiek, batez ere, ohiko etxebizitza mantentzeko, etxebizitza alokatzeko edo hipoteka-kreditua ordaintzeko, lehen mailako beharrak betetzeko eta bestelako gastuetarako erabili ziren. Azpimarratu behar da etengabeko telefono bidezko jarraipena egiten zaiela ahulenak diren pertsonei, Zainduz programaren zaintzaileei eta isolamendu-egoeran dauden eta Nagusi Aretoaren bidez identifikatu diren bizilagunei.

Amorebieta-Etxano, 2020ko abenduaren 29an, asteartea. 2020. urtea amaitzeko egun batzuk falta direnean, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak 242.458,37 €-ko laguntza eman die beharrizan handiena duten familiei. Hala jakinarazi dute saileko ordezkariek, premia handiena duten familiek eskatzen dituzten beharrei aurre egiteko, udal sail honek urtero garatzen dituen programei eta jarduera-ildoei buruz egin den balantzean; izan ere, azken hilabeteetan, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-krisiak bereziki eragin die beharrizan horiei.

Zehazki, 2020an, 195 eskaera erregistratu dira 242.458,37 €-ko guztizko gastuarekin; laguntza horien % 46, 76a, ohiko etxebizitza mantentzera bideratu zen; % 43,09a, etxebizitza alokatzera edo hipoteka-kreditua ordaintzera, % 7,3a, lehen mailako beharrak betetzera eta % 2,85a, bestelako gastuetara.

 Sozialki, Udalak kolektibo ahulenei eman die lehentasuna, besteak beste, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei. Izan ere, martxotik maiatzera bitartean, Udalak 15 egunean behin, elikadurako eta higieneko lehen mailako produktuak eman zituen, BM Amorebieta-Etxano, Eroski, Lidl, Kaitana Panaderías eta Iraunkor Elkartearen lankidetzari esker. 170 familiari lagundu ziren 52.694 €-ko guztizko gastuarekin.

 Ekainaren hasieratik abuztuaren amaierara arte, higienerako eta elikadurarako loteen ordez, Eroskiren txartel solidarioa jarri zen abian, behar zuten familiek premia biziko produktuak erosteko baliabideak izan zitzaten. 85 familiari eman zitzaien arreta 43.650 €-rekin . Irailaz geroztik, premia horiei gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez erantzun zaie. Laguntza horiek 9.500 €-koak izan dira eta 18 familia izan dira onuradunak.

 Gainera, nabarmendu behar da Gizarte Ekintza Sailak telefono bidezko etengabeko jarraipena egiten diela pertsona ahulenei, Zainduz programako zaintzaileei, Nagusi Aretoaren bidez identifikatutako isolamendu-egoeran dauden bizilagunei eta zentroko zerbitzuak erabili ohi dituzten eta une honetan beren etxeetan jarraitzen duten adineko eta mendeko pertsonei. 850 dei inguru egin dirha guztira. Irailetik aurrera, zaintzaileei Zainduz programaren laguntza presentziala eman zaie berriz ere; gaur egun, 23 zaintzaileri ematen zaie arreta hau.

 Era berean, osasun-alarmako egoeran zehar erreferentziako Eguneko Zentrora joaterik izan ez duten erabiltzaile guztiei telefono bidez laguntzen zaie etengabe. Gaur egun, Adineko Pertsonentzako Eguneko Zentrora 23 erabiltzaile joaten dira (edukiera % 75era murriztua), Adimen-Desgaitasunen bat duten Pertsonentzako Eguneko Zentrora 21 erabiltzaile joaten dira (edukieraren % 100) eta bertaratzen ez diren pertsonei telefono bidezko jarraipena egiten zaie. Udaleko Eguneko Arreta Zerbitzura 7 pertsona joaten dira (edukieraren % 100).

 "Udalerriko bizilagun guztien ongizatea eta osasuna bermatzea. Hori izan da Amorebieta-Etxanoko Udalaren helburu nagusia 2020an. Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio gisa, Gizarte Ekintza Sailak hainbat neurri ezarri ditu koronabirus agerraldiaren ondorioz, aldi berean, zornotzarren beharrei erantzuteko ", adierazi dute Udaletik.