‘Bake lehorra’ antzezlanak orain 150 urte Amorebietako Konbenioan gertatutakoa kontatuko du, ahalik eta modu errealenean

2022/05/18
Zornotzarrek bi bertsio izango dituzte aukeran: maiatzaren 21en estreinatuko da ‘La paz estéril´ eta maiatzaren 23an ‘Bake lehorra’. Bi estreinaldiak Zornotza Aretoan izango dira, 20:00etan hasita.

Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur aurkeztu du, Tartean antzerki konpainiarekin batera, ‘Bake lehorra’ antzezlana. Andoni Agirrebeitia alkateak prentsaurrean bildutakoei gogorarazi die, maiatzean zehar Amorebietako Konbenioaren 150. urteurrena gogoratzeko hainbat ekimen ari direla izaten herrian, eta antzezlan hau programazioaren ardatz nagusietako bat dela: «ahalegin handia egin da obra ahalik eta errealena eta leialena izan dadin garai hartan gertatutakoarekin, kontakizuna ahalik eta egiazkoena izan dadin. Obrari esker, zornotzarrek gure udalerrian bakea lortzeko egindako ahalegina biziberritzeko aukera izango dute, azken Karlistaldia geldiarazteko helburuarekin sinatutako akordioa ezagutuko dute. Gizatasuna ardatz duen kontakizuna izango da; gure udalerriaren historiaren zati bat erakutsiko digu».

Era berean, Luciano Martínezek, Kultura eta Kirol zinegotziak, esker hitzak izan ditu Patxo Telleriarentzat, hasieratik erakutsitako borondate onagatik: «Amorebietako Konbenioari buruzko antzezlan bat sortzeko aukera planteatu zenean, Patxo Telleriak ez zuen zalantzarik izan. Zortea izan da bera bezalako idazle eta zuzendari bat izatea. Eta baita ere, Mikel Losada eta Aitor Fernandino aktoreekin, eta ekoiztetxeko gainerako pertsonekin lan egitea, ‘Bake lehorra' antzezlana taularatzeko».

Bi estreinaldi
‘La paz estéril’ antzezlanaren gaztelaniazko estreinaldia maiatzaren 21ean izango da; euskarazko bertsioa, ‘Bake lehorra’, maiatzaren 23an estreinatuko da. Bi obrak 20:00etan hasiko dira, Zornotza Aretoan. Sarrerak eskuragarri daude www.sarrerakzornotzaaretoa.com atarian.

Sinopsia
1872ko maiatzaren 24an, Amorebietan, Serrano Generala eta Orue Diputatua bakea negoziatzen ari dira, amultasun diplomatikoaz gozaturiko giroan; piramide sozialean apur bat beherago, ateaz betaldean, alde biotako ofizialak (karlista eta liberala) politikarien segurtasuna babesten dute, elkarren arteko gorrotoa eta mesprezua aireratzen duten bitartean; gizarte eskalan beherago, Morgako kanpaleku karlista batean, karlistak soldadu liberal bat afusilatzera doaz, baina exekuzioa eteten da, bake-itunaren emaitza argitu arte; une hartan bertan, bederatzi legoatara, Oñatiko kanposantuan, bi nekazari negarrez ari dira, haur baten hilobiaren aurrean, liberal eta karlisten arteko liskarraldi batean irtendako bala galdu batek hildako haurra; inork ez daki bala zein aldetik irten zen.Eszena hauek guztiak tartekatu eta kateatzen dira narrazioan. Zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua. Handiagoa erremina eta gorrotoa.