‘Arkalaz! Herrigintzan bat’, herritarren parte-hartzeari lehentasuna emango dion gobernantza eredu berria

2022/05/24
• Agirrebeitiak, Amorebieta-Etxanoko alkateak adierazi du, Arkalaz!-ek funtzionamendu demokratikoa eta kudeaketa publikoko prozesuak hobetuko dituela: «sarea sortzen lagunduko du, entzuten, arreta ematen eta herritarren partehartzea bultzatzen». • Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azpimarratu du: «helburua da, zornotzarrak bere eta komunitatearen garapenaren parte sentitzea».

Amorebieta-Etxanoko Udalak Arkalaz! Herrigintzan bat aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, Udalaren estrategia parte-hartzailea eraikitzeko abian jarriko den proiektua. Sarreran, Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Berdintasun eta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu dute Amorebieta-Etxanoko Udalak gobernantza eredu berriarekin duen konpromisoa. Gobernantza berriari esker Udalak harreman eredu berria izango du herriko bizilagunekin eta eragileekin, eta ekintza komunitarioa identitatetik eta errotzetik abiatuz bideratuko da.

Agirrebeitiak adierazi duenez, «administrazioak eta politikak garai berrietara egokitu behar dute, gobernantza-eredu berri bati ateak zabalduz eta herritarren parte-hartzea presente dagoen eredu bat bultzatuz». Hain zuzen, Arkalaz! Herrigintzan bat konpromiso horretatik jaio dela azaldu du: «gure administrazioak funtzionamendu demokratikoa eta kudeaketa publikoko prozesuak hobetzeko behar duen aldaketa da Arkalaz!  Parte-hartze  estrategia berri horrek, sarea sortzen lagunduko digu, entzuten, arreta ematen eta herritarren partehartzea bultzatzen. Hala, gure lana eraginkorragoa izango da, gardenagoa eta erantzukizun haundiagoarekin egina».

Amorebieta-Etxano kohesionatuagoa, integratzaileagoa eta berritzaileagoa
Ainhoa Salterainek gogora ekarri du Arkalaz! hitz oso zornotzarra dela eta elkarrekin esan nahi duela: «hitz honen izenpean egingo dira Amorebieta-Etxanoko parte-hartze prozesuak. Azaldu nahi dut Arkalaz!-ek udal-zerbitzuen barne-balidazio teknikoa duela, hau funtsezkoa baita gobernantza-ereduaren aldaketa egingo bada; hilabeteetako diseinu-lanaren eta lankidetza politiko eta teknikoaren ondorena da Arkalaz! Gaur eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten pertsona guztiei, izandako konpromisoagatik».

Era berean, Salterainek azaldu du Arkalaz!-ek Amorebieta-Etxano kohesionatuagoa, integratzaileagoa eta berritzaileagoa duela helburu: «hori posible izango da gure herritarren benetako parte-hartze eraginkorra bultzatzen bada, eta hori erraztuko duen kudeaketa politikoa ahalbidetzen bada. Zornotzarrak beren eta komunitatearen garapenean parte hartzea nahi dugu. Elkarrekin egingo dugu bidea, aukera-berdintasunarekin, ingurumenarekin, garapen sozioekonomikoarekin eta kulturarekin konprometitutako udalerri batera».

Gobernantza Ona: gardentasuna, lankidetza eta parte-hartzea
Salterainek gogorarazi du Gobernantza Onaz hitz egiten dela erabakiak hartzeko prozesuak eta horien gauzatzea modu eraginkorrean egiten direnean, eta hainbat eragilek demokratikoki parte hartzen dutenean: «gardentasuna, lankidetza eta parte-hartzea izango dira Arkalaz!-en hiru zutabeak. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak sustatu egingo du administrazioaren inguruko informazioa herritarrei ematea, egiten ari denari eta hori gauzatzeko planari buruzko informazioa azalduz. Lankidetza ere izango du helburu, eta herritarrak eta gainerako eragileak inplikatuko eta konprometituko ditu administrazioaren jardunean. Eta, azkenik, bultzatu egingo du zornotzarrek politika publikoen eraketan aktiboki parte hartzeko duten eskubidea, eta kontuan izango du herritarren ezagutzak eta esperientziak eman diezaiokeen onura».

Prozesu anitza, bizirik dagoena
Amaitzeko, Salterainek azpimarratu du Arkalaz! bizirik dagoen prozesua dela, anitza, sinergiak sortu nahi dituena, zornotzarren helburu komunekin lerrokatutako sare bat eraiki nahi duena, batzuen eta besteen artean sortzen den konfiantzatik abiatuta aukera ezberdinak sortzea bultzatuko duena.  Martxan jartzeari dagokionez, Salterainek aurreratu du datozen hilabeteetan abiatuko direla Arkalaz!-en lehen proiektu pilotuak: «Amorebieta-Etxanoko familiekin eta adinekoekin zerikusia izango dute».