M17ko manifestua. LGTBIFOBIAREN aurkako eguna

2020/05/16

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Aurten, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar garenez, ezin izango da kalera irten manifestatzera, baina, berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana eta transexualak izateagatik.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI komunitateak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, eta, ondorioz, LGTBI pertsonak gaixotasun larriak izateko edo COVID-19ren ondorioz hiltzeko arriskuan egon daitezke bereziki.

Berdindu zerbitzutik, maiatzaren 17an, Euskadi inklusiboa aldarrikatu nahi dugu, gizarte zaintzaile eta proaktiboa, LGTBI kolektiboak oraindik aurre egin behar dien diskriminazio planoen aurkako borrokan eta eskubideak lortzearen alde ahaleginak batuko dituena. Aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren bermatzaile izango den Euskadi, hizpide dugun eremuan ulertu beharrekoa, baina, bistan denez, baita osotasunean ere.

Uste dugu gizarte eragile guztien zeregina dela gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartuz, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun. Eta horixe da Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa Berdindu zerbitzuaren bitartez, LGTBI kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua hain zuzen ere. 2002an sortu zenetik, etengabe dihardu helburu hori sendotzen. Arretaren oinarrizko ardatzak pertsonei, ikastetxeei eta familiei laguntza ematea dira. Lan heterogeneoa da, eta, zalantzarik gabe, oso lagungarria da sexu eta genero aniztasunarekiko ideario errepikakor bat sortzeko, baita ere, LGTBI pertsona asko ahalduntzeko ere.

Ulertzen dugu estatuen lehentasuna COVID-19ren gaia dela eta haren ondorioak lantzea da, baina Berdindu zerbitzutik inoiz baino gehiago jarraituko dugu LGBTI pertsonen eta haien ingurunearen ondoan, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz, persona guztientzat berdintasuna eta askatasuna lortu arte.