12.000 lagun inguru Mangamoren eskainitako 90 jarduera baino gehiagorekin gozatuz

2014/10/15
• Yumino + taldearen partaidetza izan zuen Cosplay erakustaldia, ninjutsua, karatea eta Akita Shiba Inu txakur-txapelketa izan ziren, jarduera aipagarrienak

Amorebieta, 2014ko urriaren 15a. Amorebieta-Etxanoko Mangamore jaialdiaren VIII. edizioan 12.108 bisitari izan dira guztira, iazkoan baino 600 gehiago. Japongo kulturaren inguruan programatutako ekintzak, berriz, 90etik gora izan dira aurten.

Mota askotakoak izan dira asteburuan garatutako ekitaldiak: tailerretatik hasi eta musika-emanaldietaraino, lehiaketak, bideojokoak, umeentzako jarduerak eta beste hainbat ekitaldi alde batera utzi gabe. Hori guztia, herri osoan zehar batera eta bestera ibili zen Ureshiren presentziak giroa beroturik. Izan ere, 800etik gora izan dira jaialdiaren maskotarekin batera argazkia egin duten pertsonak.

Programatutako ekimenen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Yumino + taldearen partaidetza izan zuen Cosplay erakustaldia, ninjutsua, karatea eta Akita Shiba Inu txakur-txapelketa. Zelaieta parkean ezarritako gastronomia karpa ere lekurik bisitatuenetakoa izan da, eta menu bereziak eta umeentzakoak, garagardo japoniarrak eta gozoki tipikoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.