Amorebieta-Etxanon 10.000tik gora dira Zelaieta zentroko Gazte Txokoa 2011ko lehenengo hilabeteetan erabili duten gazteak

2011/06/29
• Gazte Informazio Bulegoan 3.526 erabiltzaile erregistratu dira 2011ko lehenengo bost hilabeteetan. Iaz 2.356 erregistratu ziren epealdi berberean. Kontsultak, berriz, 4.410 izan dira. Aurreko urtean, 2.921. • Ohiko ordutegia izango du astelehenetik ostiralera Gazte Txokoak uztail osoan, herriko jaiak barne. • Musika taldeentzako entsegu lokalek ere ordutegiari eutsiko diote uztailean, orain arte ez bezala.

Amorebieta-Etxano, 2011ko ekainaren 29a. Zelaieta zentroko Gazte Txokoak ohiko ordutegia  izango du aurten uztail osoan astelehenetik ostiralera, herriko jaiak barne. Era berean, musika taldeentzako entsegu lokalak ere irekita egongo dira, lehenengoz, uztail osoan, ordutegiari eutsirik.

Horrela, zerbitzuok zabalik egongo dira arratsaldez, baita jaietan ere, kontuan hartzeko moduan hazi delako nerabeen eta gazteen presentzia instalazio hauetan. Bestalde, 11 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta herriko jaietan garatzen diren jardueren osagarritzat har daitezke zerbitzuok.

Honakoa izango da, beraz, hamaika urtetik gorakoentzako Gazte Txokoaren ordutegia: Igandetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara. Ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 21:30era, eta astelehenetik ostiralera bigarren hamabostaldian.

Entseguetarako lokalen ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ostiral eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:30era. Igandeetan, 17:00etatik 20:00etara. Bigarren hamabostaldian entsegu lokalak itxita egongo dira asteburuetan.

14 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen Gaztetxoko+ ere zabalik egongo da uztaileko ostiraletan, 20:00etatik 23:00etara.

Beste alde batetik, uztailaren 1etik aurrera, Gazte Informazio Bulegoa goizez baino ez da zabalduko, 10:00etatik 13:00etara.

Urtarriletik maiatzera bitarteko datuak

Gazte Informazio Bulegoan, Gazte Txokoan eta Gazte Txokoa+ zerbitzuan jasotako datuen arabera, gora egin du eskariak. Datu horiek erakusten dutenez, Gazte Informazio Bulegoan, urteko lehendabiziko bost hilabeteetan 3.526 erabiltzaile erregistratu dira. Iaz 2.356 izan ziren epealdi berberean erregistratutakoak. Kontsultei dagokienez, bestalde, 4.410 izan dira aurten egin direnak, eta 2.921, berriz, iaz egindakoak.

2011ko urtarriletik uztailera bitartean, 10.249 erabiltzaile izan ditu guztira Gazte Txokoak. Iazko erabilerarekin alderatuta, nabarmena  izan da hazkundea, 2.000 erabiltzaile ingurukoa.

Azpimarratzekoak dira, baita ere, Gaztetxoko+ zerbitzuaren datuak. Hamalau urtetik gorako gazteentzat ostiraletan egokitzen den espazio honi esker, 14 eta 21 urte bitarteko gazteek toki berezitua dute, gusturago egoteko parada ematen diena. Urteko lehenengo bost hilabeteotan eskari handiko zerbitzu gisa finkatu da, eta 150 gaztetik gora pasatzen da bertatik ostiralero.

Lehenengo orduan 14 eta 16 urte bitarteko gazteak dira bertaratzen diren gehienak eta orduak aurrera egin ahala, handiagoa da 16-20 urte bitarteko gazteen presentzia.
Ametxeko gazteria zerbitzu eta programa guztietan ari da gertatzen joera hau. Gaztetxoagoak, 11 eta 13 urte artekoak, etorri izanak ez du 16-20 urte bitarteko erabiltzaileen galera eragin. Urteetan aurrera joanagatik ere, erabiltzaile diraute, beraien presentzia mantenduz, zerbitzuok gaztetxoagoek baino era selektiboagoan eta jarraipen txikiagokoan erabilita.