1.019 familiek bat egin dute Ongi Etorri materia organikoa sailkatzeko kanpainarekin

2014/06/27
• David Latxaga alkateak esker oneko hitzak izan ditu kanpainarekin bat egin duten zornotzarrekin, eta gainontzekoak materia organikoa birziklatzera animatu ditu. • Hemendik aurrera KIT-a jaso nahi duten herritarrek Bulego teknikoan eskatu beharko dute.

Amorebieta-Etxano, 2014ko ekainak 27a. Amaitu da Amorebieta-Etxanoko Udalak azaroan abian jarri zuen Ongi Etorri, egin lekua materia organikoari kanpaina. Zortzi hilabete hauetan jaso diren datuek agerian uzten dute herritarrek babes handia eman diotela kanpainari, milatik gora izan baitira kanpainara atxiki diren familiak.

David Latxaga Amorebieta-Etxanoko alkateak eskerrak emanez hasi du prentsaurrekoa eta pozarren agertu da lortutako emaitzekin: “1.019 familiek bat egin dute kanpainarekin materia organikoaren edukiontzia jasoz eta emaitzak hondakin bilketa datuetan nabarmen islatu dira: ekainean, esate baterako, 7.800 kilo materia organiko bildu dira udalerrian”.

Ongi Etorri kanpainaren arrakasta herritarren jarrerak eta kanpainarekiko atxikimenduak baldintzatu du ehuneko ehunean. Kanpaina martxan jarri zenetik, David Latxagak zerbitzua zabaltzeko nahia agerian utzi zuen, baldin eta herritarren erantzuna positiboa bazen. Momentu honetan 40 edukiontzi marroi daude udalerrian osoan zehar. Ezarpenaren lehen fasean, azarotik otsaila bitarte, 22 edukiontzi jarri ziren 3 gune desberdinetan zerbitzua eskainiz eta 505 familiek bat egin zuten kanpainarekin; bigarrenean, otsailetik ekainera, gainontzeko 18ak kokatu ziren eta azken 2 guneetara zabaldu zen zerbitzua. Orduz geroztik, beste 514 familia pasa dira informazio bulegotik materia organikoaren KIT-a jasotzera.

David Latxagak adierazi du Amorebieta-Etxanoko herritarrek materia organikoarekiko jarrera eredugarria izan dutela eta aurrerapauso positibo gisa jaso dutela edukiontzi marroiaren ezarpena. Hala ere, kanpainari amaiera ematearekin batera, birziklapenaren prozesuak aurrera jarraitu behar duela garbi adierazi du: “Datuek goranzko joerarekin jarraitu behar dute, egindako lanaren emaitzak isla daitezen”. Lehen urratsa Udalak eman du kanpainaren ezarpenarekin, eta orain herritarren txanda dela adierazi du alkateak. Pixkanaka-pixkanaka Amorebieta-Etxano iraunkorragoa sustatzeko denon parte-hartzea ezinbestekoa da, eta udalerriak oraindik ibilbide luzea du birziklapenaren inguruan egiteko.

Izen emateen datuak
Aipatu bezala, materia organikoaren ezarpena guneka egin da Amorebieta-Etxanon.
1. gunea: Larrabarrena 8, Aita Roman Urtiaga, Larrea auzoa 17, Larrea eskolaren aurrealdea, San Isidro bidea 25 eta Ugarte bidea 62
2. gunea: Zubipunte, Zubikurtxe, Zubizabala, Sabino Arana kalea 42, Enrike Renteria pasealekua, San Juan kalea, Anboto kalea, Azoka kalea, Bizkargi kalea eta Jauregibarria ibilbidea.
3. gunea: Jauregizahar, Andrandi, Arraibi, Santa Ana eta Legarrebi auzoak eta San Migel 21 eta San Juan 20 kaleak.
4. gunea: Ixer 15, San Pedro 28 eta 31, Particular de San Pedro, Ixerango 4, Ogenbide 18, Aramotz 1 eta Landatxu kalearekin izkina egiten duena eta Gudari 20
5. gunea: Harrison kalea, Luis Urrengoetxea 8, Karmen 23, Konbenio 7, San Miguel 9, Txiki Otaegi 4, Gudari 7, Ibaizabal 1 eta Nafarroa 5.

Izen emateak guneka

GUNEAK    IZEN EMATEAK
1 eta 2 guneak 275
3 gunea 200
4 gunea 230
5 gunea 276
Guneetatik kanpo (zehaztu gabe) 38


Hondakin bilketaren bilakaera Ongi Etorri kanpaina martxan jarri zenetik

Grafikoa-ongi-etorri

Izen emateak hemendik aurrera
Udaletxean kanpainarako propio zabaldu zen Informazio Bulegoa itxi egin da dagoeneko. Hemendik aurrera, materia organikoa bereizteko izena eman nahi duten bizilagunek Herriko Plazan dagoen Bulego teknikora zuzendu beharko dira. Bertan materia organikoa sailkatzeko KITa -kubo marroia, poltsa konpostagarriak, giltza, birziklatzeko gida eta imana- banatuko zaie.