Euskaraldia 2020

19/11/2020
• Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Honen helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 16 urtetik gorako helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehenengo aldiz ariketa, 11 egunetan zehar; orduan, norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ariketan parte hartu zutenak, ahobizi eta belarriprest; gure udalerrian ia 2.000 parte-hartzaile izan genituen.

2020an egingo da bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra, eta, aurtengoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak ematen hasi daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Amorebieta-Etxanon 91 arigune izango ditugu 15 egun hauetan zehar euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko aukera errazteko. Ariguneen artean Udala, kirol elkarteak, kultur elkarteak, komertzioak, ostalariak eta enpresak daude; horiek, identifikagarri bat izango dute, bertan euskaraz lasai egin daitekeela adierazteko.

Izen-ematea aurreko ekitaldian baino motelago dabil herri guztietan, baina oraindik bultzada eman ahal diogu izena emateko epea azaroaren 24ra arte luzatu baita. Beraz, jendea animatu nahi dugu izena ematera euskaraldia.eus webgunean.

Gure herrian Euskaraldia janzteko herriko batzordeak kultur agenda anitza prestatu du, mota askotako ekitaldirekin.